osteguna, azaroa 10, 2016

IRAES euskadi.eus web orrialdean


IRAES 21 euskadi.eus web orialdean: http://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/35319-red-vasca-escuelas-sostenibles-iraes-participara-iii-confint-estatal

IRAES eskola jasangarrien euskal sareak Estatu mailako III. Confintean parte hartuko du





  • Ingurumen-heziketako prozesua, lurrak bizi duen ingurumen-krisiarekiko konpromisoa eta erantzukizuna ager dezaten gure gazteek

IRAES 21 eskola jasangarrien euskal sareak azaroaren 16a eta 19a bitartean Logroñon egingo den “Lurra zain dezagun” III. Confint - Gazte Konferentzian parte hartuko du. Bertan, jasangarritasunaren alde lan egiten duten hamar eskola-sareko gazteak parte hartuko dute, Euskal Herriko 6 eskolako 12 neska-mutil tartean.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburu Ana Oregik azaldu duenez, "lurrak pairatzen duen ingurumen-krisiaren aurrean gazteen konpromisoa eta erantzukizuna lortu nahi duen ingurumen-heziketako prozesu bat da Confint delakoa. Adin eta herri, erkidego, herrialde eta kontinente ezberdinetako gazteen arteko ekintza interaktiboa da konferentzia, non aipatuek elkarren artean ikasi eta lan egingo duten, helburu bakarrarekin: lurra zaintzea”.
Prozesuaren oinarria da “gazteek gazteak aukeratzen dituztela, gazteak hezten dituztela eta belaunaldi batek bestearekin bat ikasten duela". “Prozesu horrek planifikazioa, ikerketa, eztabaida, hautaketa, proposamenak eta gizartea eraldatzeko ekintzak hartzen ditu barne, eskola, erkidego, Estatu, Europa eta nazioarte mailan gauzatzen direnak”, gaineratu du Ana Oregik.
Gaur arte, zazpi Euskal Confint egin dira Euskal Herrian, Madariaga Dorreko Euskadiko Bioaniztasun Zentroan; eta Estatu mailako bi konferentzia. Lehena Gasteizen izan zen (2012), Eusko Jaurlaritzak antolatua, eta bigarrena Bartzelonan (2014) egin zen, Kataluniako Generalitateak eta hiriko udalak antolatua. Estatu mailako konferentzien harira, Europa mailako bi konferentzia egin dira Bruselan dagoen Europako Toki eta Eskualde Mailako Administrazioen Kontseiluan (2012 eta 2015) eta IRAES 21 bietan egon da presente. Horiek guztietan, gazteen ordezkariek beren konpromiso eta eskaera guztiak maila ezberdinetako agintari politikoen esku utzi dituzte.
Confint prozesuak ikasleen ingurumen-gaitasunak garatzen ditu, ikaslea irakaskuntza-prozesuaren protagonista egin eta krisi globalak eskatzen dituen gizarte aldaketen partaide aktiboa bilakatzen baitu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Zure komentarioa, iritzia, proposamena... hemen idatz dezakezu: